2007/03/06

LILATOIRA IKASLEEKIN.PROBA

Badira urte batzuk nerabeen heziketan lanean dihardugunok zehar-lerroak lantzearen garrantziaz jabetu garela. Gure ikastolan hainbat gai jorratzen da eta horietako bat berdintasunarena dugu.

Martxoaren 8a hurbildu ahala ikastolan zenbait ekimen aurrera eramaten saiatzen gara, batzuetan irakasleok proposatuta, beste batzuetan ikasleen iniziatibaz. Jarduera orokor horietatik at eta Matematikako eta Fisikako irakaslea izanik, gehienetan Zientziarekin zerikusia duen gairen bat generoaren ikuspegitik lantzen saiatzen naiz.

Hala ere, azken bi urte hauetan planteamendu berri bati ekin diot, Donostiako lilatoian parte hartzeko talde bat sortzea DBH eta Batxilergoko ikasleekin. Ekimen hau aurrera eramateko bi helburu izan ditut gogoan: neska gazteen artean kirola sustatzea eta ikasleekin irakaskuntza esparrutik kanpo harremanak indartzea.

Iaz 11 lagun animatu ginen, 9 ikasle eta 2 irakasle; aurten irakasle gehiago animatu dira antolaketan eta talde handiagoa lortu dugu, 15 ikasle, 3 ikasle ohi eta 6 irakasle. Bi urteetan primerako giroa izan dugu gure artean eta gainera aurtengoan "sari berri" bat eskuratu dugu: junior gehien eraman duen taldea izan gara, guretzat arrakasta eta ikasleentzat benetako poza.


Ikastolan hau antolatzea erraza izan da, Zuzendaritzaren laguntza izan dugu behar izan ditugun bilerak egin ahal izateko, Gorputz Heziketako mintegikoek 5 astez beren orduak utzi dizkiete ikasleei elkarrekin entrenatu ahal izateko eta, azkenik, lasterketaren ondorengo egunetan hamaiketako bat egingo dugu denok batera.


Gauzak horrela, datorren urtean ere animatuko garelakoan nago. Dagoeneko aurtengo ikasleek parte hartzeko asmoa azaldu digute, beste batzuk ere animatuko al dira!

1 comentario:

JMLI dijo...

Martxoren 8an ingurko webquesta ezagutzen? http://www.elkarrekin.org/web/martxoak_8_webquest/

Web quest hau D.B.H-ko 3. eta 4. kurtsoetarako prestatuta dago.


Lau lan-multzotan antolatuta dago baina ez da beharrezkoa lauak egitea. Hizkuntzari dagokionez, link gehienak gazteleraz daude, batzuk euskeraz baita ingelesez ere.